Xabier Madariaga, Ur Handitan saioko aurkezlea, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatera etorri zen, bere ibilbide profesionalari buruz hitz egiteko Multimedia Komunikazio Masterraren aurkezpenean.
Aurkezpenaren lehenengo 10 minutuak masterraren inguruko azalpenak emateko erabili zituen Terese Mendigurenek. Aurtengoa 9.edizioa da, EITB eta EHUren eskutik antolatua, non 12 enpresek parte hartzen duten ikasleek bertan praktikak egiteko. Masterraren helburua komunikazioa da, ez bakarrik hedabideen ikuspuntutik, baita enpresen ikuspuntutik ere. Ikasketa planak berrikuntzak izan ditu aurten, hautazkoak diren hiru ikasgai berri gehitu baitira programan.
Xabier Madariagari dagokionez, kazetaritzako graduko hirugarren mailan zegoela Erasmus programaren bitartez Londresera joan zen ikasketak jarraitzera. Ingalaterran zegoela, Lancasterren korrespontsal hasi zen lan egiten Eitb-rentzat.
Laugarren mailan, telebistako albistegietan hasi zen praktikak egiten. Horren ostean, Jerusalemera berriemaile joatea proposatu zuen, baina nahiz eta Eitb irratitik goizero kronika bat erosiko ziotela esan zien, telebistatik ez zioten ezer ziurtatu, horregatik “proiektua erortzeko aukera asko” zeudela azpimarratu zuen Madariagak.
22 urterekin joan zen Jerusalemera, eta udako unibertsitatean hasi zen. Bertan eman zituen hiru urteetan beste kazetariengandik asko ikasi zuela adierazi zuen, eta hainbat momentu historiko bizi izan zituela: Irakeko gerra, kolonoen irteera Gazatik… baina baita hainbat momentu arriskutsu ere.
Horren ostean Madrilen egon zen korrespontsal lanean. Madariagak adierazi zuenez, han lanean egon zen bitartean “koma bakoitzari begiratu” behar zion gai politikoak lantzeko, horregatik, bertan bi urtez egon ostean, Parisera joan zen lanera. Parisen asko disfrutatu zuela esan zuen, nagusiagoa zenez, erredakzioan ere gehiago errespetatzen baitzuten. Bertan zazpi urtez egon zen, baina tarteka beste korrespontsal lanetan ere aritu zen, Alakrana itsasontziaren bahiketan edo Haitiko lurrikaran, besteak beste.
Orain “etxean” ari da lanean, Eitb-ko Ur Handitan saioan. Berak adierazi zuenez, “ez dauka zerikusirik orain arte egindakoarekin”. Lehen, minutu bateko bideoak egiten zituen, eta orain bi orduko hizketaldiak. Lanean gustura ari den arren, berarentzat politena korrespontsalaren lana dela adierazi zuen, beste herrialdeetako jendearekin murgildu eta ikastea gustatzen baitzaio.

Ikus Berri
Xabier Madariaga bere ibilbide profesionalari buruz aritu da Multimedia Komunikazio Masterraren aurkezpenean
Naroa ARRATE eta Andere GARCIA