Melillako errefuxiatuen inguruko hitzaldia eman du Mikel Bilbaok Leioako campuseko liburutegian
Naroa ARRATE eta Andere GARCIA
Melillako errefuxiatuen inguruko hitzaldia eman zuen asteazkenean Mikel Bilbaok, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kideak, Leioako campuseko liburutegian. Berak Melillara joan zen Mugak Zabalduz karabanan parte hartu zuen beste 460 pertsonarekin batera. Ekitaldia campuseko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak antolatu zuen.
Mugak Zabalduz orrialdearen arabera, karabanarekin Bilbotik Melillaraino joan ziren, geldialdi desberdinak eginez. Lehenengo Bardeetara joan ziren, IAIE-k, Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak, tiro probak egiten dituen tokira. Ondoren, Algeciras eta Tarifako CIE-ak ikusi zituzten. Azkenik Melillara heldu ziren, baina Almería eta Níjar-etik ere pasatu ziren, "plastikozko itsasoa" ikusteko.
CIE-ei dagokienez, Atzerritarrentzako Internamendu Zentroak dira. Europa guztitik daude, baina Mikel Bilbaoren esanetan, “inon ez Espainian bezain txarto”. Legez ez dira kartzelak, baina pertsona bat falta administratibo batean dagoenean, hau da, paperik gabe eta herrialdetik botatzeko arriskuan badago, "ez-kartzela" hauetan sartzen dute.
CIEak ikusi ondoren Melillara heldu ziren. Melillako hesiko inguruetan, Nador-en zehazki, arrazakeria dela eta, Saharaz hegoaldekoak mendietan bizi dira. Marokoko polizia hara joaten den bakoitzean, kanpamenduak erre, jipoiak ikaragarriak jo, eskuak eta haginak apurtu, emakumeak bahitu… eta pertsona guztien dokumentazioa ere apurtzen dutela adierazi du Bilbaok, etorkizunean izan ditzaketen aukerak ezabatuz.
Afrikatik datozen errefuxiatu gehienak Melillara heltzen dira, eta bertan CETIak daude; CETIak etorkinen behin behineko egonaldirako zentroak dira. Immigrante bat Espainiara heltzen denean legez haien egoerari buruzko galderak egin behar zaizkie, baina hori ez da betetzen Mikelen esanetan. Babeslekua nahi dutela esaten badute, zentro hauetara bidaltzen dituzte; bertan immigranteak “zaborra izango balira moduan” tratatzen dituzte.
Muga hauetatik haurrak ere sartzen dira, Mena deiturikoak, eta hauen ardura arazo nagusienetariko bat da Mikel Bilbaoren arabera; izan ere 18 urte bete arte norbaiten ardurapean egoteko eskubidea daukate. Herriko erdialdetik oso urrun dauden zentroetara eramaten dituzte, jendez gainezka daudenak, eta %75ak biolentzia salatzen du. Hauek zaintzen dituztenek hartzen dituzte beraiengan erabaki guztiak eta 18 urte bete bezain laster berriro bidaltzen dituzte Marokora.

